Debako Nesken XII. Pala Txapelketak baditu finalistak

Berriketan 2024ko abe. 12a, 10:08

Finalerdiak jokatu ondoren, erabakita geratu dira larunbateko (abenduak 14) final handian parte hartuko duten lehen eta bigarren mailako lau bikote finalisten izenak.

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko kideek iragarri dutenez, larunbatean (abenduak 14) Aldats pilotalekuan jokatuko den Debako Nesken XII. Pala Txapelketa-IX. Maite Etxeberria Oroimenezkoaren finalari ekiteko prest dago guztia.

10:30ean hasiko da pilota jaialdia eta, urtero bezala, finalistei egiten zaien agurra dantzatuz hasiko dute jardunaldia. Ondoren, bigarren mailako finalari emango diote hasiera. Aurreratu dutenez, debarren artean egongo da aurtengo bigarren mailako txapelaren irabazlea; Onintza C. Sukiak eta Oihana Lazkanok osatutako bikoteak Monika Salegiren eta Irati Albizuren aurka neurtuko ditu indarrak.

Jarraian, eta lehen mailako finalistak berotzen ari diren bitartean, Euskeraz Bagera zikloaren barruan antolatutako Euskararen aldeko pilotakada jokatuko da. Ondoren, lehen mailako bikote finalistak kantxaratuko dira euren onena ematera. Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpa oiartzuarrak Karmele Martinez eta Haizea Goikoetxea zarauztarren aurka ariko dira.

Bukatzeko, sari banaketa egingo dute frontoian bertan. Gainera, bazkideen artean zozketa berezia egingo dute, baita saldu dituzten rifen zozketa ere.

Hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak

Gaur (abenduak 12), berriz, maila bakoitzeko hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak jokatuko dira. 19:45ean hasiko da jaialdia, bigarren mailan aritu diren Maider eta Nerea Blasco ahizpen eta Amaia eta Maitane Furones bikien arteko norgehiagokarekin. 20:15ean, aldiz, lehenengo mailako partidari ekingo diote. Maite Mugartegi eta Eva Ibarrola mutrikuarrak Yoli Mateos elgoibartarraren eta Idoia Arrillaga mutrikuarraren aurka ariko dira lehian.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, final bateko nahiz besteko sarrera doakoa izango da. Pilotazaleei eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete.