Azken txanpan sartu da Euskeraz Bagera zikloa

Berriketan 2024ko abe. 11a, 09:46

Aritz Ibarra marrazkilari gasteiztarra.

Aurtengo egitarauari abenduaren 15ean emango zaio amaiera. Aurrez, dena den, lau ekitaldi izango dira aukeran: liburu aurkezpen bat (gaur), Euskararen aldeko pilotakada (larunbatean), eta Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpena eta haurrentzako film emanaldia (igandean).

Aldaxka pozoituak eleberri grafikoa aurkeztuko du gaur (abenduak 11) Aritz Ibarra marrazkilari gasteiztarrak Deban. Irudigileak Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian utzitako arrastoa landu du bere komikian eta argitalpenari buruzko xehetasunak jendaurrean azalduko ditu Kultur Elkartean. Aurkezpena 18:30ean hasiko da.

Larunbatean, abenduaren 14an, euskararen aldeko aldarria kirol zaletasunarekin uztartuko dute Aldats pilotalekuan. Bertan, amaitzear den Nesken Binakako XII. Pala Txapelketa-IX. Maite Etxeberria oroimenezkoaren finala jokatuko da goizean eta, beste urte batzuetan bezalaxe, azken norgehiagoken artean Euskararen aldeko pilotakada egingo dute (11:00etan), Euskeraz Bagera zikloaren egitarauarekin bat eginez.

Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpena

Aurtengo egitaraua igandean (abenduak 15) bukatuko da. Batetik, Euskararen Plan Estrategikoa 2024-2034 jendaurrean aurkeztuko dute 12:00etan Plaza Zaharrean (eguraldi txarra eginez gero, klaustroan). Aurkezpena epe luzerako diseinatua izan den proiektuaren abiapuntua izango da, eta udalak nabarmendu bezala, hurrengo hamarkadan euskararen iraupena eta hedapena bermatzea izango ditu ardatz.

Planaren helburu nagusia Debako eguneroko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera indartzea da. Dokumentua partaidetza-prozesu bidez egin da, eta udalerriko hainbat gizarte, hezkuntza, kirol eta kultura-talde zein eragilek hartu dute parte. Azken urteetan erabileran antzeman diren joerak identifikatu eta, erabilera hori areagotzeko, aurrera begira hartu beharreko erabakiak, bide eta estrategiak edota, arloz arlo, abian jar daitezkeen ekintza posibleak proposatzen ditu. Planaren helburuak eta horiek egikaritzeko datozen urteetarako definitutako ekintzak eta esku-hartze arloak azalduko dituzte, hain justu, igandeko aurkezpenean.

Bestetik, igandean bertan, baina arratsaldean, haurrentzako film emanaldia izango da Kultur Elkartean (16:30ean). Marko Makako eta Karibeko primateak euskarazko filma proiektatuko dute.