Debako Udalak jakinarazi du denboraleak kalteak eragin dituela herriko zenbait kaletan azken egunotan. San Roke bidean, adibidez, zuhaitz bat erori da eta horrek eremuko zirkulazioa oztopatu du. Zumardian elektrizitate-zutoin bat jausi da, eguraldi txarraren ondorioz, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan dute, arriskuak saihesteko. Hondartza kalean, bestalde, zaborrontziek kalteak eragin dituzte (haizearen ondorioz), eta Mogel kalean urak gainezka egin du, bertako mugikortasuna oztopatuz.
Udalak azaldu du lehentasun berezia ematen ari dela gorabehera horiei, betiere "ahalik eta azkarren erantzun eta konponbidea emateko" helburuz. Dena den, herritarrei eskatu die egoera hauetan behar diren neurriak hartzeko eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak emandako gomendioak jarraitzeko (gomendio horiek udalaren webgunean irakur daitezke). Halaber, arazo edo gorabehera berririk izanez gero, herritarrek 943 19 28 40 telefonora dei dezaketela gogorarazi dute.