Deban pegatina faxistak jarri dituztela salatu dute

Berriketan 2024ko abe. 5a, 12:34

Debako kaleetan Arbasoen Mendekua talde faxistak sinatutako pegatina ugari agertu direla salatu du Gazte Asanbladak.

"Islamizaziorik ez", "Euskal Herria euskaldunontzat" eta "Iraultzailea ez da alferrik erortzen" mezuak irakur daitezke Arbasoen Mendekua erakundearen izenpean Deban jarri dituzten eranskailuetan. Gazte Asanbladak azaldu bezala, hamarnaka pegatina jarri dituzte azken orduotan herriko kaleetan eta dagoeneko kenduta daude horietako gehienak. Nolanahi ere, eranskailuak agertu izana salatzearekin batera, kaleetan jarrita geratu diren pegatinak kentzeko deia egin die asanbladak herritarrei. "Ideia erreakzionarioen gorakada ematen ari den honetan, ez diogu leku txikiena ere utziko faxismoari", nabarmendu dute.

Arbasoen Mendekua taldea duela urtebete inguru sortu zen eta ordutik, besteak beste, immigrazioaren eta multikulturalismoaren aurkako mezuak zabaltzen dihardu sare sozialetan, Abertzaletasuna eta nazionalismoa berreraiki lelopean.