Deban jokatuko dira erkidegoetako saskibaloi selekzioen lagunartekoak

Berriketan 2024ko abe. 5a, 09:38

Haur mailako emakumeen lau selekziok lagunarteko partidak jokatuko dituzte kiroldegiko kantxan. Larunbatean (abenduak 7) eta igandean (abenduak 8) jokatuko dira neurketak.

Autonomia erkidegoetako selekzioen Espainiako txapelketa prestatze aldera, Euskadiko, Asturiasko, Galiziako eta Gaztela eta Leongo saskibaloi selekzioetako taldeek lagunarteko partidak jokatuko dituzte Deban.

Debasket Saskibaloi Klubeko kideek azaldu bezala, larunbatean (abenduak 7) eta igandean (abenduak 8) haur mailako emakumeen selekzioen arteko hainbat norgehiagoka ikusteko aukera izango da Debako kiroldegian. Hortaz, bertaratzeko eta harmailak betetzeko gonbidapena egin diete zale eta herritar guztiei.

Jakinarazi dutenez, selekzioen arteko sei neurketa izango dira kiroldegiko kantxan. "Denek denen aurka jokatuko dute. Bi partida izango dira larunbat goizean, eta beste bi arratsaldean. Igandean, berriz, beste bi lagunarteko ikusteko aukera egongo da". 

Hona hemen ordutegiak:

  • Abenduak 7, larunbata
    • 10:00. Euskadi-Asturias.
    • 11:45. Gaztela eta Leon-Galizia.
    • 16:15. Galizia-Euskadi.
    • 18:00. Asturias-Gaztela eta Leon.
  • Abenduak 8, igandea
    • 10:00. Galizia-Asturias.
    • 11:45. Gaztela eta Leon-Euskadi.