Landako gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte aurten 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo direla azaldu dute antolatzaileek. Gainera, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dituzte gaurtik igandera bitartean. Sorkuntza lan horiek denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte, eta tokikoak bezala mundu osokoak ere badira. Debako nahiz eskualdeko sortzaileek ere han aurkeztuko dituzte euren azken lanak.
Prest dute datozen egunotarako egitarau osoa (HEMEN ikus daiteke) eta prest dago Landako gunea, beste behin ere, euskal kulturaren aterpe bihurtzeko. Landako gunetik harago ere, gainera, eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneak egongo dira.
Hartzea ematea DA leloa izango du aurtengo azokak eta Udatxo eta Balu artistek prestatu dute kartela (azpian ikusgai).
Egunero, 10:30etik 20:00etara irekiko ditu ateak Landako guneak; igandean izan ezik: 18:00etan itxiko da azoka. Gaur egingo dute Ikasle Goiza; ikasleei zuzenduriko tailerrak egingo dira, baina ateak zabalik egongo dira bisitari guztientzat. Eta bihar, hilaren 6an, Gazte Eztanda ospatuko da, gazteentzat erakargarri izan daitezkeen ekitaldiekin osatutako egitarauarekin. Halaber, gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan instalatuko duten karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik. Egun berezi horiez gain, egunero egingo dira ekintzak Durangoko Azokako gune ezberdinetan.
Bisitariek "garraio publikoa erabiltzea" gomendatu du antolakuntzak, "eta autoz etortzen badira, jakin dezatela abenduaren 6tik 8ra autobus-zerbitzua ipiniko dela Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora".
Bestalde, Durangoko Azoka etxetik ere jarraitu ahal izango da. Izan ere, Azoka Telebistak Hartzea ematea DA izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen.