Gabonetako balkoi, leiho eta fatxaden lehiaketa antolatu dute aurten ere

Berriketan 2024ko abe. 5a, 09:37

Izen-ematea abenduaren 23ra bitartean egongo da zabalik. Lau sari egongo dira jokoan.

Debako Udalak gabonetako balkoi, leiho eta fatxaden lehiaketa antolatu du bigarren urtez, herriko kaleak eta etxeak gabon giroan murgiltzeko helburuarekin. Izen-ematea doakoa da eta abenduaren 23ra bitartean egongo da zabalik. Izena emateko aukera ezberdinak dituzte herritarrek: Internet bidez Debako Udalaren webgunean dagoen formularioa betez, aurrez aurre Turismo Bulegoan (10:00etatik 14:00etara), edo telefonoz 943 19 24 52 zenbakira deituta.

Lehiaketan parte hartzen dutenek nahi bezala apaindu edota argiztatu ahal izango dituzte beren leiho, balkoi zein fatxadak, betiere oinezkoentzat arriskurik sortzen ez badute. Udalak azaldu duenez, nolanahi ere, "dekorazioek gabonetako motiboak izan behar dituzte, eta gehienez urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira ikusgai". Parte-hartzaileek, gainera, prestatutako dekorazioaren argazki bat edo batzuk bidali beharko dituzte turismoa@deba.eus helbidera.

Azaldu dute, bestalde, iazko irabazleek aurten ere parte hartzeko aukera izango dutela, "betiere aurreko urteko dekorazio berdina aurkezten ez badute".

Epaimahaiak parte-hartzaileen sormena eta originaltasuna baloratuko ditu, "baina baita birziklatutako materialak erabiltzea eta Debako tradizioekin lotura duten apaintze-ideiak jartzea ere", zehaztu dute udal iturriek.

Sariak

Guztira lau sari banatuko dituzte: 200 eurokoa lehena, 150 eurokoa bigarrena, 100 eurokoa hirugarrena eta 50 eurokoa laugarrena. Saridunak urtarrilaren 5ean jakinaraziko dituzte, Errege Magoen presentziarekin egingo den ekitaldian.

Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako udalaren webgunera jo dezakete herritarrek.