Matematika irakaslea zen, baina duela bi urte lanpostua uztea erabaki zuenetik, sorkuntzari emana bizi da debarra. Zarautzen bizi da eta gaur egun idaztea du ogibide; horretan aritzen da buru-belarri. Denbora gutxian, Zebrak eta bideak helduentzako narrazio liburua eta gazteentzako AHT - Arrisku Handiko Trena eta haurrentzako Miraren mendekua eskapu liburuak plazaratu ditu. Azken lanei buruz eta beste hainbat kontuz galdezka joan zaio Berriketan.
Duela hiru urte 'Epizentroa' narrazio lana idatzi ondoren, helduentzako bigarren lan batekin zatoz oraingoan. Zer nolako harrera ari da izaten 'Zebrak eta bideak'?
Liburua oraintxe argitaratu da, eta oraindik ezin diot galdera horri erantzun, baina irakurleen iritziak jasotzeko irrikan nago. Egia da, hala ere, idazketa prozesuan gertuko zenbait irakurleren iritziak jaso ditudala eta sentsazio onak sortu dizkidatela. Gainera, urrian egin zen Booktegi Jaialdian Ardi galduak ipuina aurkezteko eta hari buruz beste idazle batzuekin mahai-inguru batean jarduteko aukera izan nuen, eta han jasotakoekin ere oso pozik gelditu nintzen.
"Kontua da azken hiru proiektu horien bukaerak elkartu egin direla, eta badirudi aurten sekulako produkzioa izan dudala"
Sei ipuinez osatu duzu bilduma. Motzean azalduta, zer kontatzen du?
Liburuan sei istorio oso desberdin aurkituko ditu irakurleak. Ipuin guztietako protagonistak emakumeak dira eta guztietan atmosfera edo giro kritiko bat dago, baina, esan bezala, ipuinak autonomoak dira; ez dago denak elkartzen dituen hari narratiborik. Luzera, egitura eta ahots desberdinak atera zaizkit: drama eta umorea, animaliak pertsonei ispilu lanak egiten... Nahi duenak ipuinaren atzeko azalean aurkituko du istorio bakoitza esaldi batean laburbilduta.
Raul Guerra Garrido bekaren fruitu da lana. Nolakoa izan da liburua ontzeko prozesua?
2021eko udazkenean hasi nintzen ipuinok idazten, eta bekaren deialdia atera zenerako lan pixka bat aurreratua nuen. Nire proiektua bekaren eskakizunekin bat zetorrela ikusi nuen, eta aurkeztu egin nintzen. Eta zer, eta eman egin zidaten! Orduan hasi zen atzerako kontaketa: urtebete nuen liburua idatzi eta argitaratzeko... Egia esan, horrek halako presio bat sortzen du, ez dakidana ona edo txarra den, baina hor dago, eta egin egin behar da. Eskerrak lanak aurreratuta nituen!
Beka irabazi zenuenean nabarmendu zenuen euskarazko kultur sorkuntza beharrezkoa dela eta instituzioen babesa ezinbestekoa.
Tamalez, gure lana baldintza duin samarretan egin ahal izateko, finantziazio bila ibili behar izaten dugu sortzaileok; eta, gero, beka bat ematen badigute, jendeak uste du loteria tokatu zaigula! Kontua da gure ogibidean ez dagoela ongi artikulatuta beste ogibideetan naturaltzat jotzen dena. Intelektualitateari edo gauza ukiezinei buruz ari garenean, gainetik kendu ezin ditugun konbentzio zahar batzuk daude. Nahiz eta halako bekak eskertzen diren, hartzeke daude oraindik sorkuntza lanek behar duten ordaina, lan baldintza eta halako gauza "itsusi" askori buruzko erabakiak.
Beka lortu duen lehena izateaz gain, aurreko 'Epizentroa' lanak ere arrakasta izan zuen. Sentitu al duzu presiorik? Horrek baldintzatu al du nolabait lan hau?
Baldintzatu ez nuke esango, edo behintzat ez dut horren kontzientziarik hartu. Eta presioa... ez dakit. Epe baten barruan lan egiteak presioa sortzen du eta aurreko liburuak arrakasta izateak ere eragiten duela uste dut. Baina kontua da idazten dudanean, bestela ere, halako presio moduko bat jartzen diodala neure buruari. Beharbada ez dut hitz hori erabiltzen, erronka edo zailtasuna baizik, baina beti hortik idazten dut, eta hor hartzen du zentzua idazteak. Zerbait berria idazten hasten naizen aldiro, nire barnean beti dago ahots bat etengabe "gai izango al naiz?" errepikatzen didana.
Helduentzako 'Zebrak eta bideak' lanaz gain, beste bi liburu kaleratu dituzu aurten: 'AHT - Arrisku Handiko Trena' gazte literaturan eta 'Miraren mendekua' haur literaturan. Urte oparoa izan dela esango zenuke?
Kontrakorik esango banu, ez lidake inork sinetsiko [irribarre artean]. Gaur lagun batek esan dit nire liburuak udazkeneko onddoak bezala agertzen zaizkiola bazter guztietatik. Kontua da azken hiru proiektu horien bukaerak elkartu egin direla, eta badirudi aurten sekulako produkzioa izan dudala. Baina kontuan hartu behar da, adibidez, Zebrak eta bideak liburua hiru urteko lanaren emaitza dela.
Gazteentzako 'AHT - Arrisku Handiko Trena' hirugarren eskapu liburua duzu; halakoetan, irakurlea da protagonista eta bere esku dago istorioan gertatzen dena... Gustura genero horretan?
Liburu hauek idazten oso ondo pasatzen dut eta uste dut hori emaitzan ere nabaritzen dela. Gaztetan izugarri gustatzen zitzaizkidan halako liburuak, eta izaten ari diren harrera kontuan izanda (salmenta markak hausten ari dira, JUUL saria irabazi dute bi urtez jarraian...), garbi dago euskarazko literaturan hutsune bat zegoela hor. Oraingoz, hiru liburu egin ditut eta, halakoak idazten disfrutatzen dudan bitartean, jarraitzeko asmoa dut.
“Nire asmoa da Eskaputxiki bildumako bigarren liburuarekin jartzea eta eleberri bat izan daitekeenerako apunteak hartzea”
Eskapu liburua da, hain justu, Xuhar semearekin elkarlanean ondu duzun 'Miraren mendekua' bera ere, baina azken hori haurrei zuzenduta dago.
Miraren mendekua liburuarekin Eskaputxiki bildumari eman diogu hasiera; lehen irakurleei dago zuzenduta (8 urtetik aurrerako haurrei). Orain arte idatzi ditudan eskapu liburuak 10 urtetik aurrerako irakurleentzat zeuden planteatuta. Halako liburuak izugarri gustatzen zaizkio Xuhar semeari, baina haserre zegoen bere kabuz irakurtzeko larregizkoak egiten zitzaizkiolako, gehiegi. Erronka jo zidan, eta jolas baten moduan hasi zena errealitate bihurtu da azkenean.
Eta idazle bezala, zer nolako abentura izan da liburua semearekin batera osatzea?
Liburua Zarauzko Garoa liburu-dendan aurkeztu genuenean, Xuharri galdetu zioten ea zer gustatu zitzaion gehien liburua egitean, eta berak erantzun zuena esango dut, niretzat ere hala izan delako: lan honek aukera eman digula biok bakarrik elkarrekin denbora asko pasatzeko.
Idazleok beti izaten duzue idatzi edo proiekturen bat esku artean. Zer duzu orain buruan?
Buruan atzera eta aurrera darabilkidan guztia egiteko lau bizitza edo klonaziorako gaitasuna izan beharko nituzke. Momentuz, nire asmoa da Eskaputxiki bildumako bigarren liburuarekin jartzea eta eleberri bat izan daitekeenerako apunteak hartzea. Gero benetan zer egingo dudan... auskalo!