19 umorista izango dira Euskeraz Bagera zikloaren baitan antolatutako Blitz bakarrizketen saioan. Euskal aurkezle eta umorista baten erasoak salatu dituzte zenbait emakumek azken egunotan, eta gertakari horien harira antolatzaileek (Zuhatza elkartea eta Kultur Elkartea) erabaki dute ikuskizunean parte hartu behar zuen umoristetako bat saiotik kanpo lagatzea.
Salaketa igande iluntzean zabaldu zuten toki ezberdinetako zenbait neska gaztek, X sare sozialean zabaldu duten @bukatu_da_showa kontutik. "Euskal komunikabide ezberdinetan ezaguna den mutil gazte bat erasotzailea da. Herri ezberdinetan mugitu da oholtza gainean euskal artista ezberdinekin elkarlanean. Umore arlotik bakarrizketa zein show ezberdinak gidatu ditu, programa propio bat aurkeztu aurte. Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", adierazi dute oharrean. Gaineratu dute ez dela eraso bakarra izan eta asko direla gizon horren "eraso fisiko, sexual, psikiko eta berbalak" jasan dituztenak; "ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta gainera ugaritu egin dira".
Horren harira, EITBk bertan behera utzi zuen "kautelaz" Iker Plazaolak aurkeztutako Barraka saioaren ekoizpena eta emisioa igandean bertan. Hiru Damatxo ekoiztetxearen saioa da Barraka saioa, eta eurek argitaratutako idatzian “zilegitasun osoa” aitortu diete salaketa egin duten emakumeei eta babesa helarazi, erasotzailerik babestuko ez dutela nabarmenduz.
Ildo beretik, Deban ostegunean (abenduaren 5ean) egingo den saioaren plangintza aldatzea eta Iker Plazaola bertan ez izatea erabaki dute antolatzaileek. Horrenbestez, honako hauek izango dira agertokian ariko diren umoregileak: Manex Astigarraga eta Mitxel Martinez debarrak, Asier K., Ander Malbadi, Leo Bueriberi, Gaizka Sarasua, Jokin Ansotegi, Aimar Sorazu, Maria Blanco, Maialen Berra, Julen Pagazaurtundua, Xabier Arrastoa, Maialen Sorzabalbere, Erik Urbieta, Xabin Fernandez, Asier Galarza, Julen Portillo, Esti Curiel eta Mikel Irazusta.
Ikuskizuna 20:00etan hasiko da, Kultur Elkartean; sarrera guztiak agortuta daude.