Larrialdi linguistiko gisa izendatzen hasi gara berriki euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoera. Euskararen alde gabiltzan eragileok sakatu dugu alarma gorria. Zergatik, ordea? Hamaika dira euskararen egoera larria dela esateko arrazoiak, baina hiru argudio emango ditugu:
- BAGA: egoera soziolinguistikoaren bilakaera. Euskararen ezagutza goranzko bidean badago ere, hiztun askok euskaraz eroso jarduteko gaitasun kamutsa du; erabileran goia jo dugun sentsazioa dugu, eta eremu euskaldunetan galerak ematen ari dira. Gauzak ezberdin egiten hasten ez bagara, atzera egiteko arriskua daukagu.
- BIGA: euskararen eta hiztun komunitatearen estatusa. Nafarroako zati handienean eta Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala ez izateak ondorio larriak ditu hizkuntza politika iraunkor eta emankor bat egiteko orduan. Eta hori aski ez, eta azken aldian bizi dugun oldarraldi judizialak ikusarazi digu, euskara ofiziala den eremuetan ere, euskara biziberritzearen aldeko lege babesak arrakalak dituela.
- HIGA: joera globalen eragina. Globalizazioak eragindako korronte homogeneizatzailea hizkuntza gutxitu eta txikien kontrako norabidean dator, eta bizimoduaren digitalizazioaren eraginez, geroz eta modu basatiagoan kolpatzen ari da hegemonikoak ez diren hizkuntzak, kulturak eta herriak. Egun munduan hitz egiten diren hizkuntzen erdia mende amaierarako desagertuta egongo dela dio Unescok, eta euskara arrisku egoeran daudenen artean kokatzen du.
Katalanak eta galiziarrak ere euren egoera larrialdi linguistiko gisa izendatzen hasiak dira. Eta hiztun komunitateekin ez ezik, bestelako mugimenduekin ere lotzen gaitu larrialdi egoeraren kontzientziak: azken aldian, klima-aldaketaren kontzeptuak indarra galdu, eta klima-larrialdia gailendu da. Ez da kasualitatea; hizkuntza aktibismoak eta ekologismoak antzekotasun esanguratsuak dituzte: biek ala biek jarduten dute homogeneizazioaren kontra eta aniztasunaren alde, eta batak zein besteak bilatu dute, suntsipenera daramatzan joera globalaren aurrean, jendarteak erreakzionatzea.
Ekologismoari begira, larrialdiaren ideia bezain baliagarri izan dakiguke trantsizioarena. Klima-larrialdiaren aurrean, trantsizio ekologikoa proposatzen da: eredu sozio-ekonomikoa eraldatzeko premia aldarrikatzen da, planetako baliabide naturalen ustiapen intentsibo, sistematiko eta kutsatzailea albo batera utzi, eta ingurumenarekiko jasangarriagoa izango den eredu baten alde eginez.
Begi bistakoa da korrontearen kontra ari garela, eta orain artekoan segituz gero, nahiko lan izango dugula egoerari eusten. Horregatik, alarma gorria sakatu dugu erreakzio bat eragiteko, trantsizio bat aktibatzeko, larrialditik indarraldira igarotzeko. Erreakzio bat behar dugu, dimentsio guztietan: euskarak eta herri honek behar duten jauzia egin ahal izateko, eraldaketa sozial sakon bat behar dugu.
Eta baditugu larrialditik indarraldira jauzi egin dezakegula sinesteko arrazoiak. Ez da euskara eta euskaldunok egoera larrian egon garen lehen aldia: honaino iritsi bagara, euskaldunon kemenari eta bizinahiari esker izan da. Bateko eta besteko korronteen aurrean, gure tokia bilatzen jakin izan dugu, errekan gora doan izokinak bezala. Eta hala egin dugu badakigulako asko dugula irabazteko: euskaraz ere bizi ahal izango den herria herri hobea izango dela; justuagoa, berdinzaleagoa, kohesionatuagoa, eta zoriontsuagoa, finean.
Denok dugu eraldaketa honetan eragiteko aukera eta ardura; nor bere alorrean, trantsizioa aktibatzeko eragile izan daiteke. Baina sakoneko eta egiturazko baldintzetan eragin ahal izateko, norabide berean eta saretuta ekin behar dugu denok. Jakina, euskaltzaleen mugimenduak badu honetan guztian zeregina, eta aldaketa norberarengandik hasten dela jakitun, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu.
Euskarak mugimendua behar du, eta gu mugitzera goaz.