Udalak oharra plazaratu du Pasaian izandako hilketa matxista gaitzetsiz. "Debako Udalak Pasai Antxon gertatutako erailketa matxistaren aurrean bere gaitzespen gogorrena azaltzen du eta Debako Udalaren jarrera irmoa adierazi nahi dugu, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek", nabarmendu du.
Biktimaren familiari eta lagunei doluminak eman eta elkartasuna adierazi die udalak. Era berean, herritarrei beren gaitzespena azaltzeko dei egin die.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean Pasai Antxon, 45 urteko emakume bat (bikotekide ohia) suzko arma batekin hiltzea egotzita. Autoan ihes egin ondoren, Villabonako Udaltzaingoaren bulegoan aurkeztu zuen bere burua gizonak. Bikotekide ohia hil zuela aitortu ostean atxilotu egin zuten.