Debak Euskaraldian izena eman du

Berriketan 2024ko abe. 3a, 09:28

Euskaraldiaren azken edizioan ateratako argazki herrikoia.

2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da laugarren Euskaraldia, eta horretarako hasiak dira jadanik lanean. Lehen pauso gisa ekimenean parte hartuko duten herrien zerrenda osatu nahian dabiltza eta, jakinarazi dutenez, Debak izena eman du dagoeneko.

Urrian aurkeztu zuten egitasmoa Iruñean. Udaberrian egingo da, lehenbizikoz, eta antolatzaileek loraldiaren parte izatera animatu dituzte euskal herritarrak. Laugarren edizioaren leloak berak –Elkar mugituz egingo dugu– aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. 

Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin dator, bada, laugarren aldia. Aurreko edizioetan bezalaxe, oraingo honetan ere Euskaraldian parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Herriak, entitateak eta herritarrak dira, ordena horretan, izena emateko aukera izango dutenak. Hain zuzen ere, herriek izena emateko epea irailean ireki zuten; eta dagoeneko entitateentzako izen-ematea ere martxan da euskaraldia.eus webgunean. Azkenik, laugarren Euskaraldian ahobizi zein belarriprest gisa parte hartu nahi duten herritarrek datorren urteko udaberrira arte itxaron beharko dute izena emateko: 2025eko martxoan irekiko dute herritarren izen-ematea.

Hemen ikus daitezke gaur-gaurkoz laugarren Euskaraldian parte hartzeko prest agertu diren herriak. Udalerriak partaideen zerrendara batzen doazen neurrian eguneratzen dute webguneko mapa bera ere.