Giro "ezin hobean" Burgos aldean

Berriketan 2024ko abe. 2a, 11:26

Joan den ostegunean (azaroak 28) hamarnaka herritar egun pasa joan ziren Burgos aldera. Hemen ikus daitezke Arbil Elkarte Sozialaren ekimenez antolatutako txangoan Joxerra Larrañagak ateratako irudi batzuk.

Eguraldi ona lagun, autobusa beteta irten zen 08:30ean Burgos aldera. Egun osoko txangoa antolatu zuten Arbil elkarteko kideek eta harrera beroa egin zitzaion, beste behin ere, deialdiari. Antolatzaileek nabarmendu bezala, eguna "ezin hobeto" pasa zuten.

Goizean Cartuja de Mirafloresen geldialdia egin ondoren, bisita gidatuarekin Burgosko hirigunean jarraitu zuten. "Gida turistiko bikaina izan genuen, azalpen onak eta hurbilak ematen zituen", aipatu dute Arbileko kideek.

Hiriaz gozatzeko denbora librea ere izan zuten eta, indarrak hartze aldera, bazkaria izan zuten gero San Lorenzo erretegian; "hasierako platerez, primerako arkumeaz, postreaz, ardoaz eta solasaldi onez lagunduta". 18:00etan hartu zuten Debara itzultzeko autobusa.