Urteko azken egunean, abenduaren 31n, San Silbestrea izango da Deban eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, gaurtik (abenduak 2) aurrera eman ahal izango da izena.
Haurrek, ohi bezala, doan parte hartzeko aukera izango dute, eta helduek, berriz, 7 euro ordaindu beharko dituzte dortsalaren truke. Edonola ere, lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, baina kasu horretan 10 euro ordaindu beharko direla ohartarazi dute.
Xehetasunak
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da lasterketa lehiakor bat izango. Hau da, ez da saririk egongo. “Parte hartzea eta giro ona sustatzea da lasterketaren helburua”.
Proba nagusia, beti bezala, 12:00etan hasiko da. Foruen Plazatik abiatuko dira parte hartzaileak eta herrigunetik ohiko 5 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, hasitako leku berean bukatuko dute korrikaldia.
Aurretik, baina, haurren eta gaztetxoen beste hiru lasterketa izango dira. 11:15ean izango da 4-7 urte bitartekoena (200 metro), 11:30ean, 7-10 urte bitartekoena (400 metro) eta 11:45ean, 10-13 urte bitartekoena (kilometro 1).