Urteko sasoi honetan ohikoa denez, bidezko merkataritza bultzatzeko denda jarri du Debako Santa Maria Parrokiako Kooperazio Taldeak. Urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik eta bertaratzen direnek askotariko produktuak erosteko aukera izango dutela azaldu dute.
Funtsean, aurreko urteen ildotik, aurten ere "antzeko eskaintza" izango dela azaldu dute antolatzaileek. "Besteak beste, hainbat herrialdetako bidezko merkataritzako kooperatibetatik inportatutako txokolatea, kafea, arroza, eztia, pasta, gailetak, bonboiak, edariak, koadernoak, higiene produktuak eta oihalezko artisau produktuak (poltsak, panpinak, kamisetak…) egongo dira aukeran, guztiak ere prezio onean”.
Kooperazio Taldeko kideek iragarri dutenez, salmentatik lortutako irabazien zati bat Valentziako uholdeek kaltetutakoei laguntzeko erabiliko dute. "Beste zatia, berriz, Maliko Togo eskualdean dagoen Saint Paul eskolan proiektu bat bultzatzeko izango da".