Debako Odol Emaileen Elkarteak urtero antolatzen du emaile handiei aitortza egiteko ekitaldia eta, oraingoan, hainbatetan odola eman duten bost herritar omenduko dituztela jakinarazi du. Ekitaldia igandean (abenduak 1) izango da, 12:00etan, Agirre jauregiaren ondoko plazan.
Honakoei egingo diete aitortza: Iñigo Aizpuruak eta Andima Egañak zilarrezko intsignia jasoko dute (odola 25 aldiz emateagatik), Oihana Saezek eta Matilde Sotok urrezko intsignia jasoko dute (40 aldiz emateagatik) eta Angel Amilletak, berriz, emaile bikainen diploma jasoko du (odola 75 aldiz emateagatik).
Urtero bezala, emaile handiekin argazki bat aterako dute ekitaldian eta ondoren hamaiketako baten bueltan elkartuko dira.