Lucia Alvarezek itzuli du lana, eta gaztelaniazko edizioarekin bezala, Apuleyo argitaletxea arduratu da liburua plazatzeaz. "Gaztelaniazko itzulpena izan da abiapuntua. Hainbat zuzenketa eta moldaketa egin ondoren, ondo geratu da lana, pozik nago emaitzarekin", azaldu du.
Itzulpenaren aurkezpen ekitaldia Mallorcan egin zuen. Duela gutxi izan zen aurkezpena La Luna izeneko liburu-dendan, eta dena ondo irten zela azpimarratu du. "Aurkezpena ederra izan zen. Euskaraz jardun nuen eta, aldi berean, katalanez itzuli zuten".
Balear uhartera egindako bidaia, gainera, Etxepare Euskal Institutuak emandako mugikortasunerako dirulaguntzari esker gauzatu ahal izan zuela zehaztu du. "Bidaia, egonaldi gastuak eta dietak ordainduta izan nituen. Polita izan da esperientzia, eta itzulpenaren harira, hango irrati batean ere elkarrizketatu ninduten".
Japonieraz ere
Bastidak iragarri duenez, Hideane eta bere lagunak japonieraz argitaratzea izango da hurrengo erronka. Zehaztu duenez, itzulpena eginda dago jada, baina lana Asiako herrialdean kaleratuko dien argitaletxea aurkitzea falta da oraindik. "Hide Dohino laguna arduratu da lana euskaratik japonierara zuzenean itzultzeaz. Berak animatu ninduen album ilustratua idaztera eta hasieratik bidelagun izan dut proiektu honetan".
Lana udaberrirako argitaratua izatea espero duela azaldu du. "Ea hala den, izan ere, niretzako amets bat izango litzateke Hideane eta bere lagunak japonieraz ere argitaratuta ikustea eta bi kulturak batzen jarraitzea".
Durangoko Azokan
Bastidak gaineratu duenez, etzi (abenduak 5) hasi eta igandera (abenduak 8) arte egingo den Durangoko Azokan ere parte hartuko du. "Denonartean argitaletxearen erakusmahaian izango naiz album ilustratua sinatzen. Larunbatean (abenduak 7), esaterako, goizez eta arratsaldez egongo naiz bertan".