Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko kideek zehaztu dutenez, partida bakarra falta da urrian hasitako ligaxkari amaiera emateko. Gaur (azaroak 28) jokatuko da neurketa, eta bertan, lehen mailako finalerdietara igarotzeko azken pasea izango da jokoan. 19:30ean hasita, Eva Ibarrola eta Maite Mugartegi mutrikuarrek osatutako bikoteak Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpa mutrikuarrak izango ditu aurrez aurre Aldats pilotalekuan.
Gaurko norgehiagokaren ondoren, borobilduta geratuko da ligaxka fasea, eta, hortaz, finalaurrekoen eta final handiaren txanda izango da. Igandean (abenduak 1), 10:30ean, eta hurrengo ostegunean (abenduak 5), 19:00etan, jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta zaleei bertaratzeko deia luzatu diete antolatzaileek.
Lehen mailan, finalerdirako sailkatuta daude jada Karmele Martinez eta Jone Azkoaga zarauztarrak; Yoli Mateos elgoibartarra eta Idoia Arrillaga mutrikuarra; eta Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpa oiartzuarrak, eta iragarri dutenez, gaurko neurketaren irabazlea gehituko zaio zerrenda horri.
Bigarren mailan, berriz, honakoak dira finalerdietan ariko diren bikoteen izenak: Maider eta Nerea Blasco (Deba-Zumaia), Oihana Lazkano eta Onintza Caramanzana debarrak, Amaia eta Maitane Furones ahizpa debarrak eta Monika Salegi eta Irati Albizu debarrak.