Prest dago Euskarazko Produktuen Katalogo berria

Berriketan 2024ko abe. 27a, 11:24

katalogoa.eus webguneak 11.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak jasotzen ditu.

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok, horien artean, Debako Udaleko euskara zerbitzuak, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez.

Aurtengoa 26. edizioa da eta, zehaztu dutenez, bai web orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte. Dituzten edukiak bi atal nagusitan daude antolatuta: bata, 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta, bestea, 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin.

Paperezkoak edizioak 50.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 50.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Debako Udaleko euskara zerbitzuko iturriek azaldu dutenez, udalerrian ere, egunotan jasoko dute familiek katalogoa.

Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azaletako batek, 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei emango du sarbidea eta, beste aldekoak, ordea, 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen horri esker, bilaketa "nabarmen errazten" dela esan dute, eta, bide batez, "nortasun propioa" ematen zaiola adin tarte bakoitzari.

Paperezko edizioak, baina, ez ditu jasotzen katalogoa.eus webgunean jasota dauden produktu guzti-guztiak. Azpimarratu dutenez, "bizi-bizirik" dago maiztasunez eguneratzen den web orria. Dagoeneko 11.247 produktu daude jasota bertan, eta paperezko edizioan bezala, web orria ere adinaren araberako ataletan banatuta dago. "Ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako".

Azkenean, erabiltzaileak katalogoan agertzen den produkturen bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera ere ematen du.