Zuhatza Euskara Elkartearekin elkarlanean, boluntario talde batek bihar (azaroak 27) jardungo du banaketa lanetan. Eskaerak egin dituzten herritarrek Zuhatzaren bulegora jo beharko dute saskiak jasotzera. Bi txanda iragarri dituzte: lehena, 11:00etatik 13:00etara, eta, bigarrena, 17:00etatik 19:00etara.
Antolatzaileek gogorarazi dute eskura ordaintzekotan geratu zirenek produktuak jasotzerakoan eman beharko dutela dirua. “Eskatutako produktuak ordaindu gabe badituzu, ez ahaztu dirua ekartzeaz. Kopuru zehatza ekarri mesedez, ez dugu atzerakorik izango eta”.
Zehaztutako egun eta orduan bertaratzeko arazoak dituztenei, berriz, 943 19 13 83 edo 688 84 03 08 telefono zenbakietara deitu edo idazteko eskatu diete.
Kanpaina "onenetakoa"
Urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean burutu den azken kanpaina "onenetakoa" izan dela jakinarazi dute Errigorako kideek. 16.000 saskiren bidez, 230.000 eurotik gora bideratuko dituzte Ager zonaldeko euskalgintzara (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). “Kopuru hau inoiz saskien bidez lortu den handiena da; beraz, badugu zer ospatu”, eskertu dute.
Deba eta Itziarri dagokionean, 42 eskaera egin dira udazkeneko azken kanpainan. Antolatzaileen esanetan, 2.765 euroko ekarpena egingo zaio Errigorari.