Bihar (azaroak 27) arratsaldean emango zaio hasiera aste honetarako prestatutako egitarauari. Maddi Astigarraga ilustratzaile zientifikoak, hain zuzen, Koloretako intsektuak (Sua Edizioak) bere lehen liburua aurkeztuko du Kultur Elkarteko liburutegian; 17:00etan izango da hitzordua, eta sei urtetik gorakoei zuzenduta dagoela adierazi dute.
Egileak iragarri duenez, ez da ohiko liburu aurkezpen bat izango. "Jolas gisa planteatutako tailer bat izango da. Argitalpenaren oinarria bera marrazketaren bidez ikastea izanik, zentzu handiagoa ikusten diot ekintzara pasa eta hurbilduko direnekin batera marrazten aritzeari liburuan proposatzen diren jarduera horiek azaltzeari baino".
Ostiralean (azaroak 28), beste hiru hitzordu izango dira aukeran. 18:00etan, Kontu kantari umeentzako ipuin kontaketa musikatua izango da Gaztetxean. 20:00etan, berriz, Aitor Huergo musikariak lagun artean kaleratu duen Ganbarako doinuak bigarren lana aurkeztuko du Kultur Elkartean. Antolatzaileek adierazi dutenez, oraindik ere sarrerak online erosteko aukera dago, 5 euroan (hemen). Sarrera guztiak agortzen ez badira, egunean bertan erosteko aukera izango da.
22:00etan, azkenik, ATX antzerki konpainiaren Balbea antzerkia izango da ikusgai Gaztetxean. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 3 euroren truke.
Larunbat eguerdian (azaroak 30), Iturri Ondoan koruaren kalejira izango da; abesbatzako kideak 12:00etan irtengo dira Agirre jauregitik. Aste honetako egitarauari amaiera emateko, Black is beltza II: Ainhoa animaziozko filma ikusteko aukera izango da igandean (abenduak 1), 19:00etan, Kultur Elkartean.