Bihar jarriko dituzte salgai Idoia Asurmendiren kontzerturako eta Oscar Terolen ikuskizunerako sarrerak

Berriketan 2024ko aza. 25a, 09:46

Horiek eskuratzeko ordutegia 18:00etatik aurrera izango da, Kultur Elkartean bertan.

Kultur Elkarteak eta Debako Udalak elkarlanean antolatutako KulturEkin egitasmoaren baitan, Idoia Asurmendiren kontzertu akustikoa eta Oscar Terol aktore eta umoregilearen ikuskizuna izango dira abenduan. Zehaztu dutenez, hilaren 13an (20:00) izango da artista aramaioarren zuzenekoa. Aktore eta umoregile donostiarrak, berriz, hilaren 28an (20:00) eskainiko du musika eta umorea uztartzen dituen Lo canto todo ikuskizuna.

Jakinarazi duenez, bi hitzordu horietako sarrerak bihar (azaroak 26) jarriko dituzte saltzen. Horiek eskuratzeko ordutegia 18:00etatik aurrera izango da, Kultur Elkartean bertan. Aurreratu dutenez, ikuskizun bakoitzerako txartelek 10 euroko salneurria daukate eta, ekitaldi bakoitzerako pertsonako bi sarrera erosi ahal izango dira gehienez.