Euskarazko komunikazio proiektu hau herritar, talde eta eragile askoren lankidetzari esker bakarrik da posible. Borondaterik onenaz aldizkarian parte hartzen eta kolaboratzen duten guztiek egiten dute Berriketan. Noizbait gutun bat argitaratzeko eskatzen digutenek, iritzien atal finkoetan idazten dutenek, argazkiak lagatzeko edota argazkietan agertzeko prest azaltzen direnek, beren lanen edo jardueren zabalkundea egiteko eskatuz aldizkarira jotzen dutenek, zutabegileen sarea koordinatzen dutenek, gaiak eta protagonistak proposatzen dituztenek, elkarrizketa proposamenei baiezkoa ematen dietenek, banaketa lanetan laguntzen digutenek, publizitate bila irteten direnek… Funtsean, azken urte luzeotan Ifar kalean aritzen den erredakziotik pasatzen zareten guzti-guztiok egiten duzue Berriketan. Eta, nola ez, herri komunikabideak 2022an estreinatu zuen atari digitala elikatzen duzuen guztiok ere bai.
Proiektua babesten duten herritarrek, elkarteko bazkideek, erakunde publikoek eta euskarazko publizitatea eraginkorra dela sinesten dutenek ere egiten dute Berriketan. Eta ezin aipatu gabe laga, noski, ezinbesteko irakurleak. Proiektu parte-hartzailea da gurea, eta idazten dutenak bezain garrantzitsuak dira komunikabidea (paperean nahiz Interneten) irakurtzen duten herritarrak.
300 aldiz sartu da aldizkaria Debako eta Itziarko bizilagunon (eta kanpoan bizi zareten bazkideon) etxeetara, herriko historia diren edo bihurtu diren herritarren eta gertakarien berri ematen. Eta hori denoi esker lortu dugu. Eskerrik asko, beraz, guztioi.
Pausoz pauso, alez ale... jarrai dezagun Berriketan!