Dirulaguntza hauek gizarte zerbitzuen esparruan Deban edota Debabarrena eskualdean jarduten duten elkarteen jarduerak babesteko erabiliko direla azaldu dute udal iturriek. Hala, dirulaguntzak jasotzeko elkarteek aurkeztutako proiektuek, nagusiki, "kolektibo baztertuak, menpekotasun-egoeran daudenak edo gizarte-laguntzaren beharra duten pertsonak artatzera, prebenitzera eta gizarteratzera bideratuta egon beharko dute". Gainera, partaidetza eta boluntariotza sustatzen dituzten proiektuak ere diruz lagunduko direla aipatu dute.
Deialdia Debako udalerrian edo Debabarrena eskualdean jarduten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzenduta dago. Hala, interesdunek abenduaren 11ra arteko epea izango dute eskaerak aurkezteko (Udaleko Erregistro Orokorrean edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez). Dokumentazioarekin batera, elkartearen inskripzio ziurtagiria eta jardueren deskribapena aurkeztu beharko dira.
Onartutako dirulaguntzen zenbatekoa bi zatitan ordainduko dute: %80a dirulaguntza onartzen den unean jasoko dute onuradunek, eta gainontzeko %20a proiektua gauzatu ondoren aurkeztutako memoria eta gastuen justifikazioaren bidez ordainduko zaie. Proiektuaren txostena eta justifikazioa ez badira aurkezten, dirulaguntza "automatikoki" galdu egingo dela ohartarazi dute.
Deialdi honi buruzko informazio gehiago nahi duten elkarteek Debako Udalaren webgunean dituzte oinarriak eskuragarri.