Loreto Aramendi organistak kontzertua emango du azaroaren 23an elizan

Berriketan 2024ko azaroaren 20a

Emanaldia Gipuzkoako Organo Zikloaren baitan egingo da eta bertan garai eta estilo ezberdineko piezak interpretatuko ditu musikariak. Kontzertua 20:00etan hasiko da.

Santa Maria elizak Gipuzkoako Organo Zikloaren baitako saio berri bat hartuko du larunbatean (azaroak 23), 20:00etan. Artista gonbidatua Loreto Aramendi izango da eta, Debako Udalak iragarri bezala, garai eta estilo ezberdineko piezekin osatutako errepertorioa dakar organo-jotzaile oriotarrak Debara. "Eskainiko dituen pieza horiek Bruhns eta Buxtehude barrokoetatik abiatzen dira, Satie-ren erromantizismoan barrena, eta Philip Glass-en minimalismo garaikideraino helduz", aurreratu dute.

Donostiako Santa Maria Koro Basilikako Cavaillé-Coll organoaren organista titularra da Aramendi, eta aski ezaguna da, besteak beste, "estilo musikal ugaritan erakutsi duen trebetasunagatik eta birtuosismoagatik".