Ekimenez beteta dator Euskeraz Bagera zikloaren bigarren astea

Berriketan 2024ko aza. 20a, 13:36

Lau hitzordu izango dira aukeran: kale liburutegia, Zebrak eta bideak liburuaren aurkezpena, umorezko bakarrizketak eta herriko musikarien kontzertu akustikoa.

Gaur (azaroak 20), esaterako, Liburutegia Denontzat taldearen ekimenez, haur eta familiei zuzendutako Kale liburutegia izeneko jarduera izango da. 16:15etik aurrera, Plaza Zaharrera bertaratzen direnek umeentzako ilustrazio tailerra eta photocall-a izango dituzte aukeran. Eguraldi txarra eginez gero, jarduera udaletxe azpiko arkupeetan izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. 

18:30ean, berriz, Nerea Loiola idazlearen Zebrak eta bideak liburuaren aurkezpena izango da Kultur Elkartean. Egile debarraren bigarren narrazio bilduma Raul Guerra Garrido bekaren fruitu da eta, azaldu duenez, irakurleak sei istorio oso desberdin aurkituko ditu bertan. "Ipuin guztietako protagonistak emakumeak dira, eta guztietan atmosfera edo giro kritiko bat dago". Azpimarratu duenez, dena den, ipuin bakoitza autonomoa da, "ez dago denak elkartzen dituen hari narratiborik". Ekitaldia Nekane Goikoetxeak gidatuko du. 

Sarrerak agortuta

Gaurko bi hitzorduen ondoren, Euskeraz Bagera zikloak etzi (azaroak 22) izango du jarraipena, bestelako proposamen batekin. 20:00etatik aurrera, Asier K, Maria Blanco, Manex Astigarraga, Iker Plaxa eta Xabier Arraztoak umorezko bakarrizketekin girotuko dute Kultur Elkarteko aretoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrera guztiak agortuta daude.

Aste honetako ekintzei larunbatean (azaroak 23) emango zaie amaiera, herriko musikarien kontzertu akustikoarekin. Ekitaldia 20:00etan izango da, Kultur Elkartean, eta honakoa da agertokian ariko diren musikarien zerrenda: Miren Artetxe, Hector Aldalur, Nahia Eguskizaga, Alex Turrillas, Amaia Arotzena, Goizane Aizpurua eta Maialen Rosa. Sarrera doakoa dela gogorarazi dute.