Janus Lester taldearen abesti berrian kolaboratu du Neomak-ek

Berriketan 2024ko aza. 19a, 12:31

Alaitz Eskudero debarra kide duen Neomak taldeak Janus Lesterren disko berriaren aurrerapen kantuan parte hartu du. Aurreko astean estreinatu zuten singlea eta bideoklipa.

Janus Lester musikari nafarrak Neomak taldearekin batera grabatu duen Etxean single berria aurkeztu du. Abestia dagoeneko entzungai dago plataforma digitaletan eta, hain zuzen ere, kaleratzear dagoen disko berriaren aurrerapen kantu bezala aukeratu dute. Talde nafarrak iragarri duenez, azaroaren 22an argitaratuko dute Lore izeneko bigarren estudioko lana.

Etxean itxaron nazazu esaldia errepikatzen du abestiak eta bandako kideek adierazi duenez, bilaketa pertsonalari, norbere burua aurkitzeko urruntzeko beharrari egindako kantua da, "bidaiaren ziurgabetasuna besarkatuz eta etxea, leku bat baino, sentimendu bat izan daitekeela onartuz".

Bideoklipa Jokin Pinatxok, Garazi Esnaolak eta Eñaut Gaztañagak ekoiztu dute, eta Ander Merino da ikus-entzunezkoaren zuzendaria.