Musika Eskolako ikasleek emango diete hasiera aurtengo hitzorduei, eta kalejira "erraldoia" egiteko asmoa dutela aurreratu dute; ostegunean (azaroak 21) izango da, 16:30ean, Musika Eskolatik abiatuta.
Santa Zezilia Egunean bertan, ostiralean (azaroak 22), beste hainbat kalejira izango dira. Bandako kideek, adibidez, diana joko dute 07:00etan (Musika Eskolatik abiatuko dira). Hutsik egin gabe irtengo dira, halaber, Kalez Kale txistulari taldeko kideak eta akordeoilariak; herriko kaleetan barna ariko dira 08:30etik aurrera. Iluntzean, berriz, Kalean Kantuzekoen emanaldia izango da; kalejira egingo dute 19:30ean, Musika Eskolatik abiatuta.
Debako Musika Bandak Santa Zeziliaren omenezko kontzertu berezia ere emango du. Larunbatean (azaroak 23) izango da hitzordua, 12:30ean, elizako klaustroan. Egun berean, gainera, Aitzuri Abesbatzako kideak ere kantuan ariko dira. 13:30etik aurrera hainbat pieza abestuko dituzte.