Debako Udalaren ekimenez egin zen aitortza ekitaldia, herritarren, musika bandaren eta kirol elkarteetako ordezkarien laguntzarekin.
Omendua kalejiran iritsi zen Foruen Plazara, bandak lagunduta, eta kirol elkarteetako kideek ohorezko pasilloa egin zioten bertan, herritarren txalo zaparrada artean. Ondoren, udaletxeko areto nagusira igo zen Arrieta, etxekoez eta lagunez, udal ordezkariez eta hainbat herritarrez inguraturik.
Bertan, udalerrian bizi den kirolariaren ibilbidea eta lorpenak azpimarratu zituen Alazne Txurruka alkateak, maila horretara iristeko egin duen "lana eta esfortzua" nabarmenduz. Eta, jarraian, txapela jantzi eta lore sorta bat oparitu zion hunkituta eta eskertuta azaldu zen Arrietari. Ekitaldia German Urteagaren bertsoekin amaitu zen.