Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak jasotzeko bilketa erraldoi bat antolatu du iganderako, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan. Ekintza Gipuzkoako sei hondartzatan egingo dute aldi berean eta, antolatzaileen esanetan, itsasoaren zaintzaren inguruko kontzientzia piztea du helburu, "hain justu ere, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea izango den egunetan".
Bilketa horiek, hain zuzen ere, SAREA-k identifikatutako zabor-metaketa gune estrategikoetan (Mutrikun, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Pasaian eta Hondarribian) egingo dituzte, eta herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte. Debarrak, esaterako, Ondarbeltzen eta Itzurunen egingo diren bilketetara gonbidatu dituzte, hurbiltasunagatik. “Itsasoaren egoeraz kezkatuta bazaude, gerturatu zaitez sarea ezagutzera. Eman izena eta batu ekintzara! Izan itsas zaindari!”
Auzolanean parte hartu nahi duten herritarrei aurrez izena emateko eskatu diete. Horretarako, 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu, edo Whatsapp mezu bat idatzi, edo itsaszaintzasarea@mater.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi daiteke.
11:00etan hasiko dira garbiketa lanak eta, iragarri dutenez, bi ordu beranduago (13:00etan) amaituko dira. Lehenengo orduan hondakinak bilduko dituzte eta bigarren orduan, berriz, jasotakoa sailkatuko dute, hondakin bakoitzaren ezaugarrien arabera, “jendeak arazoaren dimentsio erreala izan dezan”. Hondakin bilketarako ura, hamaiketakoa eta arropa erosoa eramatea gomendatu dute antolatzaileek.