Debako Udalak, Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldearekin elkarlanean, Bastiñuixan egitasmoa jarri du martxan azaroan. Ostiraletan izango dira saioak, Ifar kaleko eskolako patioan; pasa den astean egin zuten lehenbizikoa, eta gainontzekoak gaur (azaroak 15), hilaren 22an eta 29an izango dira.
Kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera sustatzea da egitasmoaren xedea. Eta, antolatzaileek gogorarazi bezala, jolas-saioetan familiek parte hartu ahal izango dute, haurrek eta gurasoek, alegia.
Oraingoan ere bi programa eskainiko dira ekimenaren baitan:
ESKUBIDUBIDU
Saioak 16:30etik 17:30era izango dira, eta 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta daude. Helburua haurrei euskaraz jolasteko tresnak eta baliabideak eskaintzea da. Horregatik, umeek guraso edo heldu baten laguntzarekin parte hartu beharko dute, "esperientzia aberasgarria eta parte-hartzailea izan dadin".
KINKINETAN
Saioak 17:30etik 18:30era izango dira, eta 6-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. Programa honek ere haurrei euskarazko jolasen inguruan trebatzeko eta horiez gozatzeko aukera ematen die.