'Go!azen' telesailaren denboraldi berriko lehen atala primizian emango dute Deban

Berriketan 2024ko aza. 15a, 11:49

UEMAk eta EITBk hitzarmena sinatu dute Go!azen eta Irabazi arte telesailen atal berriak mankomunitate barruko herrietan aurrez estreinatzeko. Hala, igandean, Go!azen telesail arrakastatsuaren hamaikagarren denboraldiko lehen kapitulua ikusteko aukera izango da Deban.

"Go!azen" telesailaren denboraldi berria estreinatzear da eta "nobedadez beteta" datorrela jakinarazi dute EITB-tik: "Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, jakina, musika eta dantza ez dira faltako. Ez ahaztu, eginagatik distira, denak urre ez dira!".

Azaroaren 22tik aurrera ikusi ahalko dira atal berriak ETB1 katean. Lehenago, ordea, Altxor Ezkutua izeneko atalaren aurrestreinaldiaz gozatzeko aukera izango da Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Deban: 

  • Azaroaren 17an (igandean) proiektatuko da lehenengo atal hori, 17:30ean, Aldats pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da.


Aurtengo denboraldiaren bideoklipa, "Bizitza Zukutu".

UEMA eta ETBren arteko hitzarmena

UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak azaldu duenez, "gabezia" batean du jatorria UEMAk eta EITBk sinatu duten hitzarmenak. "UEMAren helburuetako bat da gure herrietan euskarazko ikus-entzunezkoekin dagoen gabeziari aurre egiteko bidea urratzea. Lanketa horri erantzunez dator ETBrekin hitzarmena, haiek ere horretan ari baitira", azaldu du. Go!azen telesaila aurrez estreinatzea hitzarmenean jasotako "lehen eskaintza" izango da, baina ez bakarra, Irabazi arte telesailen atalak ere estreinatuko baitituzte herrietan.

Herrietako umeek eta gazteek telebista euskaraz ikusteko aukera izatea garrantzitsua dela esan du Segurolak, eta nabarmendu du "behar-beharrezkoa" dela eskaintza bermatzeko baliabideak jartzea: "Pantailetan ere euskarazko eskaintza izatea behar-beharrezkoa da. Horrela, lagun artean euskaraz ikusi eta euskaraz gozatzeko aukera izango baitute gazteek".