Erorketak saihesteko tailerra egingo da datorren astean Arbil Elkarte Sozialean

Berriketan 2024ko aza. 13a, 10:20

Azaroaren 20an eta 21ean egingo dira saioak eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, gaur bertan.

Arbil Elkarte Sozialak adinekoen erorketak saihesteko tailerra antolatu du datorren asterako. Tailerrak bi saio izango ditu: bata azaroaren 20an (asteazkenean), eta bestea hurrengo egunean, hilaren 21ean. Biak ala biak Arbil elkartean izango dira (elebitan), 11:00etatik 12:30era bitartean. 

Azaroaren 20ko saioan hiru gai izango dituzte hizpide:

  • "Erorketetan eragina duten faktoreak", Lehen Mailako Arretako erizainen eskutik (Osakidetza).
  • "Muskuluak indartzeko ariketak: Nola jokatu erorketa baten aurrean", Eibarko Ospitaleko fisioterapia zerbitzuek gidatuta (Osakidetza).
  • "Debako jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua", Debako kiroldegiko kirol teknikarien eskutik.

Azaroaren 21eko saioan, berriz, honako gaiak landuko dituzte:

  • "Adinekoentzako gizarte baliabideak", Debako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako kideen eskutik.
  • "Telelaguntza-zerbitzua: Beti On", Euskadiko Telelaguntza Zerbitzu Publikoaren koordinatzaile komunitarioak gidatuta.
  • "Ortopedia: laguntza-materiala", Burgoa Botikak emana.

Arbil Elkarte Sozialetik ohartarazi dute tailerrak edukiera mugatua izango duela, gehienez ere 30 lagunek parte hartu ahal izango baitute. Hortaz, aurrez eman behar da izena. Horretarako, interesa duten herritarrek Debako osasun zentrora (943 19 24 24) edo Arbil elkartera jo beharko dute zuzenean.