Debako Udalak jakinarazi du udalerrian bizi den Amagoia Arrieta Boccia jokalariari omenaldia egingo diotela larunbatean (azaroaren 16), herritarren, udal musika bandaren eta kirol elkarteetako ordezkarien laguntzarekin. Ekitaldia Arrietaren etxean (Hondartza kalean) hasiko da 13:30ean; bertan, Debako Musika Bandak harrera egingo dio eta kalejira egingo dute Plaza Zaharrera bidean (Ifar kalea zeharkatuz), handik Lersundi kalea hartu eta Foruen Plazara abiatzeko.
Udaletxeko plazara iristean, herriko kirol elkarteetako ordezkariek ohorezko pasilloa egingo diote Arrietari, bere ibilbideari aitortza eginez, eta, ondoren, udaletxean Alazne Txurruka alkateak txapela jantziko dio kirolariari, baita lore sorta bat oparitu ere.
Dordoka Klubeko kirolariak lorpen garrantzitsuak izan ditu bere ibilbidean. 1997an hasi zen Boccia praktikatzen, eta orduz geroztik lortu dituen aparteko emaitzei esker, Euskal Herrian kirol horretan aritzen direnen artean erreferente bihurtu da. Euskal Herriko mugez harago, Espainiako eta Europako txapelketetan ere domin ugari eskuratu ditu dagoeneko. Besteak beste, urrezko domina irabazi zuen Rotterdameko Europako Txapelketan eta zilarrezkoa Zagrebeko Challenger txapelketan, emaitza bikainak erdietsiz. Mundu mailan seigarren postua lortu du BC1 kategorian, joan den abuztuan Parisen jokatutako Paraolinpiar Jokoetan.