Aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta sortu zen Euskeraz Bagera egitasmoa 2021ean eta hasierako ezaugarri eta helburuei eutsiko die aurtengoan ere, laugarren edizioan.
Zuhatza Euskara Elkarteak eta herriko hainbat taldek elkarlanean osatutako egitaraua igande honetan (azaroaren 17an) abiatu eta abenduaren 15ean amaituko da. Denbora tarte horretan, Deban haur, gazte eta helduentzako hemezortzi ekintza izango dira, hala nola proiekzioak, ilustrazio tailerra, liburu aurkezpenak, umorezko bakarrizketak, kontzertuak, ipuin kontaketa saioak, antzerkia eta kalejirak.
Antolatzaileek gaur aurkeztu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako egitaraua, eta datozen asteotan egingo diren jardueretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.