Arimen Gaua antolatu dugu aurten Deban, lehen aldiz. Askotariko jarduerez beteriko egitaraua urriaren erdialdean hasi genuen eta azaroaren 4an bukatu genuen (ipuin kontaketak, film emanaldiak, arimen sukaldaritza, beldurraren etxea, tailerrak, death kafea… egin ditugu aste horietan).
Urriaren 31n egin genuen egitarauaren ekimen nagusia. Kaleak apaindu genituen, mozorroak prestatu eta dotore asko makillatuta irten ginen Debako Arimak herrian zehar gure ibilbidea egitera. Arratsaldean hasi eta iluntzera arte herria gure egin genuen; haur, heldu, nahiz adinekoak bildu eta elkarrekin ospatu genuen Arimen Gaua.
Debako norbanako eta eragile ugariren artean egitarau bete-betea antolatu genuen: danbor hotsek, txalapartariek, adarrak, txistulariek, dantzariek, musikariek, ipuin kontalariek, antzezleek, beldur erretzeek eta kantuek osatu zuten, besteak beste, arratsalde iluntzeko egitarau oparoa.
Harrera beroa izan du elkarlanean, herrian eta herriarentzat antolatu dugun egitarau zabalak. Herritar ugarik parte hartu dute egitaraua osatu duten jarduera ezberdinetan, parte-hartzaile ugari batu zitzaizkigun herrian zehar egin genuen ibilbidean eta gu ikustera hurbildu ziren ikusleak ere ez ziren gutxi izan. Pozik gaude egin diguzuen harrerarekin, egindako lanak bere fruituak eman dizkigu.
Hilerrirako bidea hartu behar dugu orain, baina datorren urtean ere deituko gaituzuen itxaropenarekin agurtzen gara.
Joan aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu hau guztia posible izan dadin gure bidelagun izan zareten guzti-guztiei. Zuek gabe hau ez litzateke posible izango.
Eskerrik asko eta datorren urtera arte!!!