Debanatura Ingurumen Heziketa elkarteak Debako zumardia ondare bizia ekimena antolatu du larunbat goizerako (azaroak 9). Bi proposamen dakartza bere baitan, helduentzako bata eta haurrentzako bestea.
Lehenengo, helduei zuzendutako Zumardiko arbolak paseo botanikoa egingo dute 10:00etatik 11:30era bitartean. Bertan, zuhaitzak bertatik bertara ezagutu eta identifikatuko dituzte, eta mitologiaz nahiz etnobotanikaz ere jardungo dute ibilaldian. Kioskotik abiatuko da.
Ondoren, 11:30etik 13:00etara, haurrei zuzendutako Bihotz berdeak ekimena egingo dute. Parte hartzaileek habi-kutxak ezartzeko aukera izango dute eta ezkurrak (Gernikako Arbolaren kimutik bilduak) ereiteko tailerra ere egingo dute.
Jardueretan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dutela ohartarazi dute. Horretarako, 695 78 36 56 telefonora deitu edo debanatura@hotmail.com posta elektronikora mezua bidali beharko da.