Jendetza bildu zen Arimen Gauaren bueltako ospakizun nagusian

Berriketan 2024ko aza. 4a, 13:12

Ostegunean (urriak 31) egin zuten Deban lehen aldiz antolatu den Arimen Gauaren bueltako ekimen herrikoi nagusia. Egitaraua ez da amaitu, ordea, gaur arratsaldean (18:00etan) Manex Beristainek gidatutako Death kafea saioa egingo baitute Kultur Elkarteko liburutegian.

Arimen Gaua elkarrekin ospatzeko apustu sendoa egin dute Debako norbanako eta eragile ugarik aurten, elkarlanean, eta harrera beroa izan du egitasmoak. Horren erakusgarri dira pasa den osteguneko (urriak 31) ekimenak herrian lagatako irudiak eta bideoa. Haur, heldu nahiz adinekoak batu ziren "herriak herriarentzat egindako festara".

Aurreko asteotan hainbat eta hainbat jarduera egin ondoren, osteguneko hitzordu nagusiak osagai ezberdinak izan zituen. Arratsaldean hasi zen jai giroa eta lehenbiziko orduetan herritarrak kaleak apaintzen, mozorroak prestatzen eta makillaje tailerrean parte hartzen aritu ziren. 

Ondoren, 18:45ak aldera, arima gazteen kalejira abiatu zen, Banda Gaztearekin, Simon Berasaluze plazatik. Hainbat geldialdi egin zituzten eta, tartean, Kulunkako gazteenek arima gazteen dantzaldia ere eskaini zuten. Kalejira hitzordurako espreski atondutako Kultur Elkarteko plazatxoan amaitu zen eta, bertan, besteak beste, beldurrak sutara botatzeko aukera izan zen (Debako Kontalarien laguntzarekin). Ekitaldia dantzan eta Kalean Kantuzen laguntzarekin abesten amaitu zuten.

Atsedenaldi txiki baten ostean, iluntzean jendetza batu zen Amillagako hilerrian hasi zen arimen ibilbidera; mozorrotutako partaide ugari ez ezik, ikusle andana ere hurbildu zen hitzordura. Debatukadaren danbor hotsen erritmora, herritarrek kalejira jendetsua egin zuten Ifar kalera. Tartean izan ziren, besteak beste, Santa Katalinako arima galduek eragindako irri eta ikarak, baita Gure Kai eta Kalez Kale taldeetako kideekin batera egindako dantzak ere.

Ifar Kaletik Plaza Zaharrera iristean, batukadaren danbor hotsei Debako Musika Bandaren musikak eta Kulunkaren dantzak hartu zieten lekukoa, ehunka ikusleren aurrean; aurrez, adarra eta txalaparta ere entzun ziren, eta aurtengo kontakizunaren irakurketa ere egin zuten. Eta, geldialdiaren ondoren, arima galduek Kultur Elkartera jo zuten, ekitaldiari eta ospakizunari amaiera ematera. Bertan, Santa Katalinako arima galduen hitzak, Kalean Kantuzen laguntzarekin herritarrek elkarrekin abestutako Gau Beltza abestiak eta bertaratutako zenbaiten irrintziak izan ziren protagonista.

Gaur 'Death kafea'

Aurten antolatutako egitarau bateratua ez zen ostegunean amaitu. Asteburuan, adibidez, beldurrezko film emanaldia egin dute Gaztelekuan. Gaur, berriz, heriotzari buruz errespetuz hitz egiteko espazio seguru bat partekatzeko aukera izango dute herritarrek, arratsaldean egingo den Death kafea saioan; Kultur Elkarteko liburutegian izango da, 18:00etan.

Manex Beristain adituak gidatuko du kafe tertulia eta doakoa izango da. Nolanahi ere, parte-hartzaile kopurua mugatua da eta, horregatik, bertaratu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 655 73 44 87 telefonora deituta.