Bueltan da, beste urte batez, Beldur Barik lehiaketa

Berriketan 2024ko aza. 6a, 09:35

Azaroaren 8an amaituko da ikus-entzunezko lehiaketara lanak aurkezteko epea. Ekimenak gazteek indarkeria sexistaren aurrean jarrera kritiko eta eraikitzaileak erakustea du helburu.

Bueltan da, beste urte batez, Beldur Barik Jarrera 2024 ikus-entzunezko lehiaketa, "gazteen artean indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboak eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzera bideratutako ekimena", alegia.

Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, lanak ikus-entzunezko formatuan aurkeztu behar dira, gehienez 3 minutuko iraupenarekin (kredituak barne). Bideoak euskaraz, gazteleraz edo bi hizkuntzetan aurkeztu daitezke, baina azpitituluak derrigorrezkoak dira, ulergarritasuna bermatzeko. Horretarako, lanak YouTube, Instagram edo TikTok plataformetan igo behar dira, eta horien estekak Beldur Barik webgunean aurkeztu behar dira, izen-emate formularioa betez.

Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte: lan irabazleak 400 euro jasoko ditu, eta aipamen bereziak 200. Gainera, beste bi sari berezi ere banatuko dira, 300 eurokoa bakoitza: bata, ikus-entzunezko lan onenari, eta, bestea, boto gehien jasotzen dituen bideoari. Lanak aurkezteko epea irailean ireki zuten, eta ostiral honetan (azaroaren 8an) itxiko da, gaueko 23:59etan.

Debako tokiko lehiaketa

Debako Udalak jakinarazi duenez, gazteek aurkeztutako lanak lehiaketa orokorrean ez ezik, Debako tokiko sariketan ere lehiatuko dira. Sari bereziak egongo dira jokoan, eta herriko gazteek kategoria bakoitzean 100 euroko sariak lortzeko aukera izango dute. Kategoriak honako hauek dira: 12 eta 14 urte bitarteko gazteak, 15 eta 17 urte bitartekoak, eta 18 eta 20 urte bitartekoak.

Informazio gehiagorako edota lehiaketari buruzko zalantzak argitzeko, www.beldurbarik.eus atarira jo dezakete herritarrek. Halaber, Debako Udalarekin harremanetan jartzeko mezua bidal dezakete info@deba.eus posta elektronikora.