Elkarlanean argitaratutako lehen album ilustratuan abortuaren gaia landu ondoren, duela hilabete batzuk kaleratutako Inoiz ez desagertzeko ipuina bigarren libururako ere askorentzat mingotsa izan daitekeen gai bat aukeratu zuten Unanuek eta Alkortak: heriotzarekiko beldurra. Azaldu dutenez, haurrekin bizitzaren parte diren gertaerak "naturaltasunez" lantzeko tresna bihurtzea da bi lanen helburua.
Badira hilabete batzuk bigarren album ilustratua plazaratu zenutela. Nolako harrera izan du?
Maitane Unanue: Iazko urrian kaleratu genuen Inoiz ez desagertzeko ipuina eta guretzat oparia izan zen argitaratuta ikustea. Oso harrera polita izan du, positiboa. Dakigunez, iazko Gabonetan, etxe batean baino gehiagotan zuhaitz azpian jarri zuten oparia izan zen eta horrek ilusio berezia egin zigun. Are gehiago, poz handia eman zigun hainbatek gure katagorria ezagutzen zutela jakiteak.
Bigarren lan hau ere Xabier Etxanizen ilustrazioekin jantzi duzue. Elkar ezagutzen zenuten lehenagotik, beraz. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Mirari Alkorta: Egia esan, oso erraza egin zaigu hasieratik Xabirekin lankidetzan aritzea eta talde bat osatzea. Lehenengo lanean, ikuspegi sistemikoan kokatzea kostatu zitzaion gehienbat, eta, hitzei garrantzia emateaz gain, ikuspegi horri ere garrantzia eman nahi izan genion. Alegia, Hirugarrena orduan ipuinean agertzen den ilustrazio bakoitzari zer tamaina eman, zer lekutan kokatu... halako galdera edo zalantza asko sortu zitzaizkion. Gai horretan jantziago egonik eta gure gustuak hobeto ezagututa, elkarlana askoz errazagoa izan da oraingo honetan. Egia esan, altxor bat izan da halako ilustratzaile bat alboan izatea; oso ondo irudikatu ditu gure nahiak ilustrazioetan.
"Gai bat tabu bihurtzeko, isilpean izaten dugu, ezkutuan... baina joera hori aldatuz gero, ez litzateke tabu bat izango"
Ikuspegi sistemikoa aipatu berri duzue. Hortaz, Inoiz ez desagertzeko ipuina ere pedagogia sistemikoan oinarrituta dago, ezta?
M.A.: Ikuspegi sistemikoa oso presente dugu gure egunerokoan; egoerak eta bestelako kontu batzuk ordenatzen eta beste modu batean ikusten laguntzen digu, baita gauzei zentzu bat bilatzen ere. Eta, nola ez, ipuin hau ere era sistemikoan lantzea erabaki genuen, bai. Azken finean, ikuspegi hau gure bizitzetan txertatzea opari bat izan da biontzat eta horixe eskaini nahi izan diogu irakurleari.
Zer kontatzen du liburuak?
M.A.: Haurtzaroan beldur asko izaten ditugu eta horietako bat heriotzarekiko beldurra da. Izenburua Inoiz ez desagertzeko ipuina da eta, hain zuzen ere, desagertze hori metafora gisa erabiliz, ipuina bera heriotzarekin lotu nahi izan dugu. Haur askok gehien maite dituzten horiek galtzeko edo momentu hori iristeko beldurra izaten dute batez ere, eta, heriotza hori gertatu aurreko momentua kudeatzen laguntzeko tresna bat litzateke ipuina. Hau da, angustia hori lasaitzeko, arintzeko, horri hitzak jartzeko, lekua emateko... ipuina da gurea.
Eta zergatik heldu diozue gai horri?
M.U.: Heriotza bati aurre egiteko lagungarri diren ipuin eta lan asko daude (agurra egiteko, dolua gainditzeko...), baina momentua iritsi aurretik bestelako lanketa bat egiteko beharra ere izaten dute askok, eta horretarako lagungarri diren oso lan gutxi zeudela konturatu ginen. Alegia, ume zein heldu ugari une horren beldur dira eta gertukoren bat, gurasoak, familiakoak edo maite duten jendea galduz gero, ez dute jakiten zer egin. Ipuin honekin behar horri erantzun bat eman eta tresnak eskaini nahi izan dizkiegu eta, batez ere, beldur horri behar duen lekua eman nahi izan diogu.
"Aurreko lanen ildo beretik jarraituz, bidean den hirugarren album ilustratua ere ikuspegi sistemikoan landuko dugu"
Oro har, askorentzat "tabu" edo "ilunak" diren gaiak landu dituzue orain arteko ipuinetan. Beharrezkoa ikusi duzue haurrei gai horiei buruz hitz egitea?
M.A.: Uste dut guk ematen diegula gaiei tabu izaera. Gai bat tabu bihurtzeko, isilpean izaten dugu, ezkutuan... baina joera hori aldatuz gero, ez litzateke tabu bat izango. Beraz, orain arte tabu izan diren gai horiek azaleratzea eta plazaratzea da gure asmoa, baita horiei argia ematea ere.
M.U.: Haurrek, egia esan, berezkoa dute edozein gairi buruz hitz egiteko eta galdetzeko naturaltasuna. Hau da, heriotza edo desagertze baten aurrean, edota abortu bat dagoenean (aurreko ipuinean bezala), haurrek galderak egiten dituzte etengabe eta iruditzen zait gure eginkizunetako bat izan beharko litzatekeela galdera horiei erantzuna ematea eta bide ematea, tabu izatera irits ez daitezen. Hori izan da guk orain arte argitaratu ditugun bi lan hauekin lortu nahi izan duguna, hain zuzen. Ipuin ilustratu hauek sei, zazpi, zortzi urteko umeei zuzenduta daude, baina beti esaten dugu lau urtetik gorako edonorentzako liburu aproposak direla. Ipuin hauek norbaitek kontatu behar izaten ditu askotan eta, beraz, esan daiteke helduei ere gai hauei buruz hitz egiten laguntzen diegula. Askotan gu gara, helduok, gai horiei buruz hitz egiteko baimenik ematen ez dugunak eta gai horiek ezkutatzen ahalegintzen garenak. Azken finean, ipuina aitzakia polita eta aberatsa da lehen ezkutuan zeuden gai horietaz aritzeko; hori guztia lantzeko tresna baliagarria izan daitekeela nabarmenduko nuke.
Aurreko lana benetako gertaera batean oinarrituta zegoen. Inoiz ez desagertzeko ipuina ere bai?
M.A.: Bai, azken hau ere bai. Lau urte nituenean sentitu nituen beldur haiei leku emateko aukera izan dut ipuin honekin; barrenak husteko modu bat izan da niretzat. Urte hauetan guztietan gaia lantzen aritu naiz, baina ez lan honetan bezain modu kontzientean. Era pertsonalean zein paper gainean barruak husteko egindako ariketa hori garatuagoa eta osatuagoa geratu da gero ilustrazioekin. Gainera, emaitza jendearen eskura jartzeak gaia beste ikuspuntu batetik jorratzeko eta bizipen horiek kanporatzeko aukera eman dit.
Erronka berririk bai esku artean?
M.U.: Hirugarren proiektu batean ari gara lanean; hitzak eta ilustrazioak uztartzen gabiltza, beste behin ere, Xabirekin elkarlanean. Egia esan, ipuinak idaztera animatu ginenean, gai batzuk jorratu nahi izan genituen. Buruan genituen gaietako bik argia ikusi dute jada eta martxan dagoen lan horrek ere hasiera-hasieratik jorratu nahi izan dugun beste gaietako bati helduko dio. Pil-pilean dagoen kontu bat hizpide hartuta onduko dugu ipuina, eta emaitza plazaratzeko gogotsu gaude. Aurreko lanen ildo beretik jarraituz, bidean den hirugarren album ilustratua ere ikuspegi sistemikoan landuko dugu.