Arimen Gaua ate-joka

Berriketan 2024ko urr. 30a, 11:47

Atzo egin zuten mozorroen burukoak eta apaingarriak prestatzeko azken tailerra.

Arimen Gauaren bueltako ospakizunetan murgiltzeko prest daude Debako bizilagunak. Urriaren 13an hasi ziren motorrak berotzen eta bihar, urriko azken egunean, egingo da egitarauaren baitan antolatutako ekimen nagusia. Festa giroa 16:15ean hasiko da.

Ipuin kontaketa saio berezia, film emanaldiak, material bilketa, eskulan tailerra, mozorroen burukoak eta apaingarriak prestatzeko saioak, dantza eta musika entseguak... aurrera doaz Arimen Gauaren bueltan antolatutako jarduerak eta biharko deituta dago ekimen herrikoi nagusia.

Hainbat osagai izango ditu biharko festak: batetik, arratsaldean kale apainketa, makillaje tailerra (Zuhatza-Kolore Anitzen eskutik), arima gazteen kalejira (Banda Gaztearen eskutik), arima gazteen dantzaldia (Kulunkaren eskutik), beldurren erretzea (Debako Kontalarien laguntzarekin) eta arimen abestia (Kalean Kantuzen laguntzarekin) izango dira aukeran; bestetik, iluntzerako, arimen ibilbidea (Debatukadaren eskutik), Axuri Beltzaren dantza (Gure Kai eta Kalez Kaleren eskutik), kontakizunaren irakurketa, arimen dantzaldia (Debako Musika Bandaren eta Kulunkaren eskutik) eta ekimenaren amaiera ekitaldia (Kalean Kantuzen laguntzarekin) iragarri dituzte. 

Biharko (urriak 31) egitarau osoa HEMEN IKUSGAI.

Festara gonbidatuta daude herritar guztiak, haur, heldu nahiz adinekoak. Hortaz, etxeko gauzekin mozorrotu eta egitarauaz gozatzeko gonbidapena egin dute berriz ere antolatzaileek. Joan den astean ere zabaldu zuten "herriak herriarentzat egindako" egitasmoan parte hartzeko deialdia, horretarako propio sorturiko bideo laburraren bitartez: "Gu aurten Arimen Gaua ospatzera goaz. Eta zuek? Zer ospatzen duzue?"