Azaroaren 8an izango da urteko azken odol emate saioa

Berriketan 2024ko aza. 4a, 09:47

Ohi bezala, aurrez eskatu behar da txanda. Debako Odol Emaileen Elkarteko kideek ohartarazi dutenez, elkartearekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia aldatu dute.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du eta, beste behin ere, bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Urteko azken saioa ostiralean (azaroak 8) izango da, Luzaro ikastetxean; beti bezala, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean.

Odol emaileen elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute; beraz, jendeari “lasai hurbiltzeko” eskatu diote.

Bi bide

Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Interesa dutenek bi bide izango dituzte horretarako. Alde batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eskatu ahal izango da. Debako kasuan, gaur (azaroak 4) zabaldu dute hitzordua erreserbatzeko epea eta asteazkenean (azaroak 6) itxiko dutela iragarri dute.

Ohi bezala, Whatsapp bidez ere egongo da hitzordua hartzeko aukera; osteguna (azaroak 7) da bide hau erabiltzen dutenentzat izena emateko azken eguna. Elkarteko kideek ohartarazi dutenez, eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia aldatu dute eta, hortaz, hemendik aurrera 623 91 23 03 telefono zenbakira idatzi beharko dute hitzordua eskatu nahi dutenek.