Berriketan herri komunikabideak osatutako epaimahaiaren sari nagusia Mattin Urbietak eskuratu du, uda sasoian Madeiran (Portugal) ateratako irudiarekin; Yurrita arrain kontserben produktu sorta jaso du, baita herriko ekoizle edota sortzaileen lanekin osatutako saskitxoa ere.
Publikoaren saria, berriz, Itsaso Aramendirentzat izan da; herritarrek lehian egon diren argazki guztien artean gustukoena hautatzeko aukera izan dute eta Altafullan (Katalunia) ateratako argazkia nagusitu da Interneteko bozketan. 322 boto eman dituzte herritarrek, eta 48 boto jaso ditu Aramendiren irudiak. Boto horiei esker, Yurrita arrain kontserben produktu sorta bat irabazi du egileak.
Irailaren 11n abiatu zen lehiaketa eta irailaren 30era artekoa izan da argazkiak bidaltzeko epea. 15 herritarrek hartu dute parte ekimenean, eta munduko hainbat herrialdetan ateratako 61 argazki aurkeztu dituzte orotara (bakoitzak bost bidal zitzakeen gehienez); Deban bertan egindako irudi ugari izan dira tartean.
Berriketan-ek eskerrak eman dizkie modu batean zein bestean lehiaketan parte hartu duten guzti-guztiei.