Euskeraz Bagera egitasmorako proposamenak bildu nahi dituzte antolatzaileek

Berriketan 2024ko urr. 29a, 09:36

Azaroaren erdialdetik abenduko lehenengo astera bitarteko egitaraua osatu nahian dabiltza eta herritar guztiak gonbidatu dituzte beren proposamenak egin eta ekimenean parte hartzera. Azaroaren 10era arte egin ahal izango dira ekarpenak.

Euskara ardatz hartuta, laugarren aldiz egingo da aurten Euskeraz Bagera, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean harreman sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta antolatuko da, beste behin ere, egitasmoa.

Zuhatza Euskara Elkarteak eta herriko hainbat taldek elkarlanean antolatutako egitaraua azaroaren erdialdean abiatu eta abenduko lehenengo astera arte luzatuko da eta, ekintza eta data guztiak zehaztuta ez badaude ere, askotariko jarduerak aurreikusten dira programazioan.

Antolatzaileen esanetan, hasiak dira hasierako zirriborro bat osatzen, baina herriko talde, eragile eta norbanako guztiak gonbidatu dituzte beren proposamenak egin eta ekimenean parte hartzera. Hortaz, ekarpenen bat egin nahi dutenek azaroaren 10era arteko epea izango dute horretarako; 688 84 03 08 telefono zenbakian edo koordinatzailea@zuhatza.com helbidean jar daitezke harremanetan antolatzaileekin.