Udaltzaingoaren bulego berria izango dena egokitzen hasi dira

Berriketan 2024ko urr. 28a, 09:54

Gaur (urriak 28) hasi dituzte Simon Berasaluze plazako 1. zenbakian dagoen lokala egokitzeko lanak. Udal iturriek jakitera eman dutenez, proiektuak 358.193 euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua du.

Debako Udalak jakitera eman duenez, Udaltzaingoaren bulegoa Portu kaletik Berasaluze plazara lekualdatzeko lanak hasi dituzte; hain zuzen ere, gaur (urriak 28) hasi dute obra plazan eraikitako azken etxebizitza berrien azpiko 278,06 metro koadroko lokalean.

Udal iturriek azaldu dutenez, bulegoa kokalekuz aldatzearen helburua da herritarrei "zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa" eskaintzea eta, aldi berean, udaltzaingoaren gaitasun operatiboa areagotzea. "Esku-hartze honek, zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, debarren beharrak modu arinagoan eta eraginkorragoan asetzea ere eragingo du".

Udaltzaingoaren egoitza berriak 150,33 metro koadro izango ditu eta hainbat espaziotan banatuta egongo da. Administrazio-eremua, herritarrak artatzeko gunea, bulego pribatuak, poliziaburuaren bulegoa, artxiboa, komun egokituak, atseden-jantokia eta aldagelak, armairuak eta materialen biltegia izango ditu, besteak beste.

"Espazio antolaketa berri horrekin eraginkortasunean irabazi nahi du udalak, herritarrei eskaintzen zaien arreta eta zerbitzua ere eraginkorragoa izan dadin". Gaineratu dutenez, kokapen berriak diseinu funtzionala eta irisgarria izango du herritar guztientzat. 

Geoparkearen bulegoa ere bai

Kokapen berean, Udaltzaingoaren bulegoa ez ezik, Geoparkearen bulego berria ere jarriko dutela iragarri dute. "Gaur-gaurkoz, Geoparkearen bulegoa Debako turismo bulegoan kokatzen da, baina esku-hartze honen ondoren, espazio handiagoa izatera pasako da, udaltzaingoaren bulegoen ondoan". 99,63 metro koadroko lan-espazio berriak bilera-gela bat, atsedenlekuak eta komun egokituak izango ditu, besteak beste.

Tokiko gobernu taldearen hitzetan, "proiektu hau debarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen udal-politikaren urrats bat gehiago da, eta zerbitzu publikoak instalazio egokietan eta azpiegitura moderno eta irisgarriekin eskaintzen direla bermatzen du".

Simon Berasaluze plazako lokala berregokitzeak udal ekipamenduak etengabe berritzeko udalaren konpromisoa berresten duela azpimarratu dute; 2023-2027 agintaldiko helburu estrategikoetan jasota daude lanok.