Urriaren 30ean izango da Irakurketa Klubaren hurrengo saioa

Berriketan 2024ko urr. 29a, 09:36

Pulitzer saria irabazi zuen Maus: bizirik irtendako baten kontakizuna izango dute hizpide hitzorduan parte hartuko dutenek. Saioa, ohi bezala, 19:00etatik 20:30era izango da.

Debako Ostolaza udal liburutegiko Irakurketa Klubak beste hitzordu bat jarri du biharko (urriak 30). Arduradunek jakinarazi dutenez, saiora bertaratzen diren irakurzaleek Art Spiegelman idazle estatubatuarrak idatzitako eta Pulitzer saria irabazitako Maus: bizirik irtendako baten kontakizuna eleberri grafikoa aztertuko dute Asier Serranoren gidaritzapean; euskaraz izango da saioa.

Saioa 19:00etatik 20:30era bitartean izango da. Liburutegian bertan egingo duten solasaldia irekia eta doakoa dela gogorarazi dute, eta landuko den lanari buruzko iritziak eta ikuspegiak partekatzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte.

Izen-ematea

Saioan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian, 943 19 25 60 edo 697 44 40 47 telefono zenbakietara deituta, edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora idatzita. Landuko den liburua norberak eraman beharko duela gogorarazi dute.

Lanari buruzko hainbat zertzelada

Lana, jatorriz, bi zatitan argitaratu zen. Zehazki, 1986 eta 1991 artean kaleratu zen eta, idazlearen aitaren esperientzian oinarrituta, holokaustoaren historia jasotzen du. Vladek Spiegelman (Art-en aita, alegia), nazien kontzentrazio eta sarraski-esparruetatik bizirik irtendako judu poloniarra izan zen. Eta, lanak, hain zuzen, komiki formatuan heltzen dio gai gordin horri; juduak sagu gisa eta naziak katu gisa irudikatzen ditu, bien arteko metafora indartsu bat sortuz.

Eleberrian, gainera, Spiegelmanek aita-semeen arteko harremana sufrimenduarekin eta bizirauteko borrokarekin ere lotzen ditu, iraganeko izugarrikeriak zein ondorengo belaunaldietako ondorio emozionalak jorratuz.