Azaroaren 4an izango da Arimen Gauaren bueltan antolatutako 'Death kafea' saioa

Berriketan 2024ko urr. 24a, 13:09

Solasaldia Kultur Elkarteko liburutegian egingo da, 18:00etan, eta Manex Beristainek gidatuko du. Bertaratu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 655 73 44 87 telefonora deituta.

Urriaren 28rako iragarrita zegoen solasaldia astebete beranduago egingo dela ohartarazi dute Arimen Gauaren bueltako egitaraua prestatzen diharduten herritarrek. Hortaz, azaroaren 4an (astelehenean) izango da saioa, 18:00etatik aurrera Kultur Elkartean.

Bertan, heriotzari buruz errespetuz hitz egiteko espazio seguru bat partekatzeko aukera izango dute herritarrek. Kafe tertulia Manex Beristain adituak gidatuko du eta doakoa izango da. Nolanahi ere, parte-hartzaile kopurua mugatua da eta, horregatik, bertaratu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 655 73 44 87 telefonora deituta.

Bestalde, aurrera jarraitzen dute Arimen Gaua prestatzeko eta ospatzeko gainontzeko ekimenek ere. Bihar, adibidez, eskulanen tailerra egingo dute Gaztelekuan (17:00etan), eta datorren asteartean (urriak 29) mozorroen burukoen eta apaingarrien tailerra egingo dute berriz ere Kultur Elkarteko liburutegian (18:00etan). Tailerretan, ahal den neurrian, birziklatutako materiala erabili ahal izateko, material bilketa ere abian dago oraindik. Luzaro ikastetxean izarak, trapuak eta kortina zaharrak biltzen ari dira egunotan; eta material berdina (kristalezko pote gardenekin eta sokekin batera) Arbil Elkarte Sozialera ere eraman daiteke (10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara bitartean).

Ekimen nagusia urriaren 31n egingo da, arratsaldez. Datozen ordu edo egunetan emango dute egun horretarako antolatutako jardueren berri.