Agerreko uzta, euskarari puzka da Errigoraren aurtengo udazkeneko kanpainaren leloa eta azpimarratu dutenez, Ager eremuko, alegia, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko, euskalgintza hauspotzea du helburu egitasmoak. Hainbat berritasunekin dator kanpaina eta, lehengo formatura bueltatuz, hiru saski eskatzeko aukera egongo da; saskietan, gainera, zenbait produktu berri sartu dituzte.
Dagoeneko ezaguna den saski beltza 55 euroan salduko da eta Nafarroa erdialde eta hegoaldeko produktu tipiko konbentzionalak dakartza. Berdeak, berriz, 65 euro balio du eta dakarren guztia ekologikoa dela azaldu dute. "Bertako produktuak dira hauek ere, baina berritzaileagoak".
Aurtengo berrikuntza, saski zuria ordezkatuko duen sarria gorria da (75 euro) eta, horretan, "Eguberriekin lotutako produktuak" jarriko dituzte eskuragarri. Horrez gain, saskiekin batera Agertuz karta jokoa eskatzeko aukera ere egongo da, beste 5 euro ordainduta. Arduradunek garbi utzi nahi dute, ordea, jokoa gehigarri bat dela; hau da, ezingo da soltean eskatu.
Hona hemen saski bakoitzak izango dituen produktuak zehaztuta:
- Saski beltza: piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomate naturala, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
- Saski berdea: piperrak, zainzuriak orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, eko teilak eta haritz ardo beltza.
- Saski gorria: Rose ardo apartsua, kriantza ardo beltza, ardo zuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molinerito-ak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi gazta.
Azaroaren 14ra bitartean egin daitezke eskaerak, Errigoraren webgunean sartuta. Saskien banaketa, berriz, azaroaren 27an egingo dute Deban. Gogorarazi dutenez, erosketen truke jasotako laguntzaren laurdena Ager eremuko euskalgintzako eragileetara bideratuko dute zuzenean; hau da, AEKra, ikastoletara, Sortzen-era eta Agerraldia elkartera.