Euskal Herri osoan ozen entzun zen atzo (urriak 21) herri palestinarren aldeko aldarria eta Gazako genozidioaren amaiera emateko eskaera. Han-hemenka egin ziren elkarretaratzeetan gogoratu zutenez, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu 2023ko urriaren 7an sarraskia abiatu zuenetik; halaber, salatu zuten Gazako azpiegituren % 70 suntsitu dituela hango armadak.
Palestina askatu! leloa zeraman pankartaren atzean, dozenaka herritar batu ziren atzo iluntzean Foruen Plazan egin zen mobilizazioan eta, bukaeran, Leire Vargas bertsolari eta idazle bizkaitarrak idatzitako poema irakurri zuten; agiri bera irakurri zuten Euskal Herriko gainontzeko udaletxeen aurrean ere.
Herriko hezkuntza komunitateko kideek ere Palestinan gertatzen ari den gogora ekarri eta Gazako genozidioaren amaiera eskatu zuten; arratsaldean egin zituzten elkarretaratzeak, Genozidioa stop! lelopean.