Herritarren eskaerari erantzunez, aurreratu egin dute Debatik Soraluzera doan lehen autobusaren irteera

Berriketan 2024ko urr. 21a, 10:03

Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak Lurraldebuseko DB04 lineako (Mallabia-Deba-Ondarroa) autobusaren irteera aurreratu du Deban; 06:00etan aterako da aurrerantzean.

Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, gaur (urriak 21) jarri da martxan "hobetutako zerbitzu berria". Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, DB04ko lehen autobusa, berez, 06:15ean ateratzen zen Mendarotik, baina, Debako erabiltzaileek egindako eskaera aztertu ondoren, herritik bertatik eta goizago aterako da autobusa, herritarrak lanera "garaiz" iritsi daitezen. Egin diren aldaketei esker, zehazki, 06:00etan ateratzen da autobusa Debatik;  lanegunetan (astelehenetik ostiralera) emango da zerbitzua.

Mugikortasun diputatua eta Alazne Txurruka Debako alkatea aurreko astean batzartu ziren eskaera egin duten herritarrekin eta haien senideekin, eskakizuna gauzatuko dela jakinarazteko. Eta, diputatuaren hitzetan, honako hobekuntza bere departamendua eta Debako Udala egiten ari diren "erakunde arteko lanaren emaitza" da. Diputatuak berretsi duenez, "garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarren beharretara egokitzeko lanean jarraituko dugu gainerako erakundeekin batera".

Debako alkateak ere bi erakundeen arteko lankidetza "estua" nabarmendu du. "Lurraldebuseko zerbitzu honen egokitzapenak Debako bizilagun talde batek udalari egindako eskaera zuzen bati erantzuten dio, eta egokitzapen hori posible izan da udalaren eta aldundiko Mugikortasun Sailaren arteko lankidetza estuari esker. Irteera berri hau gehitzeak, aurretik egindako beste hobekuntza batzuekin batera, bistako egiten du Deban garraio publikoa hobetzeko dugun konpromisoa irmoa. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiot Azahara Dominguez diputatuari zerbitzuak gure herritarren benetako beharretara egokitzeko uneoro agertu duen jarrera aktibo eta lagunkoiagatik".